Euskararen Gramatika

1. Euskararen bereizgarri orokorrak

1. Euskararen bereizgarri orokorrak

1.1. Euskara, ahaiderik gabeko hizkuntza

1.1a Euskarak dituen funtsezko ezaugarri batzuei buruzko informazioa ematen da atal honetan. Zertan den bereiz euskara, hori da kapitulu honek azaldu nahi duena. Jakina denez, euskarak ez du ahaiderik hizkuntzen artean. Egoera hau, euskararen bakartze hau esan nahi dugu, aski berezia da, baina ez da euskararekin bakarrik gertatzen, bai baitira munduan beste zenbait hizkuntza, euskara bezain isolatu ageri direnak, familiarik gabeak. Europan ere suomiera (finlandiera), hungariera eta Kaukaso aldeko hizkuntzak ere ez dira indoeuroparrak, adibide batzuk emateagatik. Arruntean munduko hizkuntzak familiaka sailkatzen dira, taldeka. Hizkuntzen arteko erlazioen berri dokumentu historikoek, konparazio sistemek, zeharkako datuek… ematen dute, eta horietaz baliatzen dira filologoak erlazio eta harreman horiei buruzkoak azaltzeko orduan. Hola, hizkuntza erromanikoak, adibidez, latinetik sortu direla esaten dugu. Horregatik deitzen ditugu latin hizkuntzak ere. Bada lekukotasun asko testuetan hori hala gertatu dela baieztatzeko.

1.1b Europako hizkuntza gehienak hizkuntza indoeuroparraren ondokoak dira, aski da hizkuntzen mapa batean ikustea (Comrie 1987; Clackson 2007; Haarmann 2011; Reissmann & Argador 2006). Multzo handi horretatik bereiz gelditzen dira, hizkuntza indoeuroparrek inguraturik uharte batzuen antzera, beste hizkuntza zenbait, nahiz kasu batzuetan hizkuntza-familia horien arteko osaera eta mugak zehaztea ez den batere lan erraza eta garbia. Eztabaida handiak daude hizkuntzalarien artean. Esan dezagun, zernahi gisaz, familia indoeuroparretik kanpo gelditzen direla euskara, hungariera, hizkuntza altaikoak (hizkuntza mongolikoak, turkiera…) eta uralikoak (finlandiera-suomiera eta abar). Europaz bakarrik ari gara, noski. Gainerakoak, Europa osoan hedatuak direnak, jatorri indoeuroparrekoak dira: latin hizkuntzak (espainiera, frantsesa, italiera…); germaniarrak (alemana, ingelesa, suediera, daniera…); zeltikoak (bretoiera, gaelikoa…); baltikoak (estoniera, lituaniera…); greziera eta albaniera.

1.2. Euskara SOV hurrenkerako hizkuntza da

1.2a Baditu euskararen gramatikak zenbait bereizgarri nabarmen. Asko dira eta askotarikoak, ikuspuntua nolakoa hartzen dugun, baina badira bereizgarri batzuk guztietatik bereziki gogoan hartzekoak. Lehenik eta behin, euskararen hitz hurrenkera ez-markatua Subjektua-Objektua-Aditza (SOV) da (ikus 41. kapitulua). Egia da euskaraz Gazte horrek auto berria erosi du esaten badugu, perpaus horretan ageri diren hitzek beste hurrenkera asko onartzen dituztela: Auto berria erosi du gazte horrek (OVS); Gazte horrek erosi du auto berria (SVO); Erosi du gazte horrek auto berria (VSO) eta beste hainbat. Lehenbiziko hurrenkera bezain egokiak dira guztiak euskaraz, testuingurua nolakoa den eta zer adierazi nahi den. Gauza bera gertatzen da zeharkako osagarria sartu nahi izanez gero: Aitak amari gona gorria ekarri dio, adibide klasiko bat ekartzeko hona. Hori bezain euskara da Amari ekarri dio aitak gona gorria edo Gona gorria ekarri dio aitak amari, eta horien antzeko beste zenbait hurrenkera ere (Goenaga 1978).

1.2b Hala ere, lehenbiziko hurrenkera (Gazte horrek auto berria erosi du) naturalago sentitzen du hiztunak. Ez da kontua bigarrena (Auto berria erosi du gazte horrek), adibidez, ezin dela erabili, arazorik gabe erabiltzen ahal baita. Badirudi, ordea, bigarren hurrenkera horretan zerbait bereziagoa adierazi nahi dugula, zerbait markatuagoa. Ez gara zerbait neutroa kontatzen ari (zer gertatu da gaur?), baizik galdera bereziago bati erantzuten (zer erosi du gazte horrek?). Bigarren hurrenkera horrek badu bere gainean lehenbizikoak ez duen informazio gehigarri bat. Lehenbizikoarena, SOV, hurrenkera ez-markatua dela esaten dugu. Egia da hemen perpaus sinpleez ari garela, eta gauzak ez direla hain garbi perpausak luzatu eta mendeko perpausak ere erabiltzen ditugunean: Hemen dauden guztiek Jaunak ez duela ezpatarik ez lantzarik behar gu salbatzeko jakingo dute esaldia baino naturalago erabiltzen dugu Hemen dauden guztiek jakingo dute Jaunak ez duela ezpatarik ez lantzarik behar gu salbatzeko esaldia (J. A. Mujika), osagarri luzea aditzaren eskuinaldera eramanez.

1.2c Ikus dezagun beste perpaus hau: Zuk gizonari sagarra kendu diozu. Hori ere, aurrekoan bezala, modurik neutroenean eman dugu, nahiz bestelako hurrenkera asko onartzen dituen, denak gramatikalak, aldi bakoitzean dagokien erara molda daitezkeenak. Perpaus hori beste baten barnean txerta dezakegu, perpaus erlatibo baten barnean, esaterako. Orduan Zuk sagarra kendu diozun gizona gure osaba da bezalako zerbait esan dezakegu. Baina hor ez da hain erraza bururatzen zaizkigun hurrenkera guztiak erabiltzea. Ezin dugu esan, adibidez, *Zuk kendu diozun sagarra gizona gure osaba da. Perpaus erlatiboetako sintagmak ezin ditugu nolanahi jarri, eta hurrenkera batzuk bakarrik onartzen dituzte, ez besteak. Perpaus horretan, esate baterako, aditzak amaieran joan behar du: [[Zuk sagarra kendu diozun] gizona] gure osaba da.

1.2d Zenbait argudio bide erabili izan dituzte gramatikariek (Gramatika Batzordea 1987a, EGLU-I) euskara SOV hurrenkerako hizkuntza dela erakusteko: “naturaltasuna”, hurrenkera ez askea mendeko perpaus batzuetan —azken adibidea bezalakoetan—, hurrenkeraren estatistikak2, ordena bateko edo besteko perpausen prozesamendua burmuinean3 eta abar. Euskara SOV dela baieztatzen badugu ere, ez ditugu, esan bezala, beste hurrenkerak baztertzen, euskarak, inguruko hizkuntzekin erkatuz gero, aise askatasun handiagoa baitu perpaus barneko hitzak (azken batean, osagaiak) ordenatzeko. Hau esan nahi dugu: hurrenkera posible anitz izanik ere, badira argudio bideak baieztatzeko horietako bat oinarrizkoagoa dela besteak baino. Hurrenkera horretan perpausak subjektuarekin hasten ditugu eta tartean osagai gramatikalak sarturik, aditza amaierara eramaten dugu4.

1.3. Euskara hizkuntza eranskaria da

1.3a Hizkuntzak era askotakoak dira, baina tipologoek hizkuntza bakartzaileak, malgukariak eta eranskariak bereizten dituzte, haien arteko bereizketak egitea anitzetan aski zaila baldin bada ere. Hizkuntza bakartzaileek (txinera estandarra, vietnamera, hizkuntza austronesioak eta abar) joera dute forma bakarreko hitzak erabiltzeko, eta ez dute, horregatik, hitz eratorpen edo elkarketa prozesu asko erabiltzen. Beste hizkuntza batzuk malgukariak dira. Latina da hor kasu argia. Izenekin, adibidez, hau gertatzen da: dominus, domini, dominorum… Ikusten denez, izenaren oinarrizko erroak deklinabideko kasuen markak hartzen ditu, izenaren itxura aldatzen dutenak: dominus da nominatiboa, baina gero domini ageri da, edo domino, eta gainerako kasu guztiak, nahiz domin- horrek ez duen berezko izaerarik hiztegian hitz laxo gisan (ikus § 1.3f). Hizkuntza horiek dute benetako deklinabidea. Beste hizkuntza batzuk, euskara tarteko, eranskariak dira: hizkiak (artikulua, pluralgilea eta abar) gaineratzen zaizkio hiztegiko hitzari (adiskide-a), eta azkenean postposizioak eransten zaizkio aurreko sintagmari (adiskidea-rentzat). Latinez ez bezala, hizkuntza hauek hiztegiko hitz bat hartzen dute oinarri, bere osotasunean, eta hitzaren itxura aldatu gabe, kasu markak nahiz postposizioak eransten dizkiote sintagmaren amaierako hitzari: adiskidea, adiskidearen, adiskidearentzat eta abar. Izenekin, adjektiboekin eta izenordainekin gertatzen da hori.

1.3b Gaztelaniak eta frantsesak preposizioak dituzte. Euskara, berriz, esan dugun bezala, eranskaria eta postposizioduna da. Postposizioak izenaren ondoren idazten ditugu, izenarekin (edo dagokion sintagmarekin) elkarturik. Gaztelaniaz edo frantsesez elementu horiek guztiak aurretik jartzen ditugu, bereiz idatziak: mujer, la mujer, de la mujer, con la mujer; femme, la femme, de la femme, avec la femme. Euskarak erabiltzen dituen elementuak baliokideak dira, baina eskuinaldean kokatzen ditugu eta, gainera, itsatsiak. Hurrenkera hori da euskara inguruko hizkuntzetatik bereizten duen ezaugarrietako bat.

1.3c Erantsitako postposizio horiek itsatsiak ditugu batzuetan: Jonekin, menditik, lurrean, zuretzat, Ainhoari, Izarorengan eta abar. Beste batzuetan, ordea, postposizioak bereiz jartzen ditugu, askeak dira: maldan behera, zure ordez, etxe aurrean, lanari buruz, gizona baitan, goitik behera eta abar (ikus “Postposizio itsatsiak” § 19.2, “Postposizio askeak” § 19.3). Ohart gaitezen postposizio aske horiek arau zehatz batzuen agindupean eratzen ditugula. Batetik, postposizioari berari behatzen badiogu, horietako askok -ko genitiboaren marka har dezakete: maldan beherako, zure ordezko, etxe aurreko, lanari buruzko, goitik beherako. Beste zenbaitetan, beste kasu marka batzuk ere har ditzakete: etxe aurretik, etxe aurrean, gizona baitatik… Badirudi horietan toki markak erants daitezkeela arazorik gabe. Ez, ordea, beste batzuetan: *lanari burutik. Hortaz, esan daiteke postposizioak direla hor behe, orde, aurre, baita… eta postposizio aske horiek beste postposizio itsatsi batzuk har ditzaketela. Hori batetik.

Bestetik, postposizio bakoitzak aurreko sintagma gobernatzen du: maldan behera, baina ez *maldako behera. Beste hitz batzuetan esateko, postposizioak agintzen du nolako markak hartu behar dituen aurreko sintagmak: behera postposizioak inesiboa (-n) eskatzen du: maldan behera. Baina postposizio horren barneko egiturari behatuz gero, berehala ohartzen gara hor behe izena dagoela -ra kasu marka harturik. Gauza bera gertatzen da etxe ondoan bezalako sintagmetan: hor ondo izenak hartzen du inesiboaren marka (§ 1.3e).

Postposizio asko izenak dira jatorriz, baina erabilera horretan guztiz adberbializatu direla esan daiteke. Horregatik diogu postposizioak berak markak har ditzakeela, eta aldi berean aurreko sintagmak hartu behar dituenak zein diren agintzen duela. Hau guztia 19. kapituluan azaltzen da. Batzuetan sintagma soila eskatzen du, hutsean: erreka alboan, herri barruan. Edo absolutiboa: hirurak inguruan, ordu bata arte. Aski arrunta da genitiboa eskatzea: gure aitzinean. Edo datiboa: lanari buruz. Ablatiboa ere, edo inesiboa: eskolatik at; maldan goiti. Instrumentala da batzuek nahi dutena: honetaz gain; elizaz landa. Beste zenbaitetan, partizipioa eskatzen du postposizioak, edo aditzoina: etorri artean; ekarri beharrean; ebats arau. Adjektibo sintagma ere eska dezake: makal antzean. Edo zenbatzaile sintagma: bi ordu barru.

1.3d Euskal gramatiketan, eta EGLUn ere, euskal deklinabideaz hitz egin izan da. Horrela, deklinabideko kasuak aipatzen dira. Gramatika honetan, hala ere, ez dugu hitz hori erabiliko, ez baita egokia, gure ustez, euskararen kasuan termino horretaz baliatzea. Azken batean, nola gaztelaniak edo frantsesak preposizioak dituzten, dagokien izenaren aurrean jartzen direnak, euskarak preposizioak izan beharrean postposizioak dituela esatearekin aski da, kasu markak ere, azken buruan, postposizioak baitira: Juan vive con Antonio; Jean habite avec Antoine; Andonirekin bizi da.

1.3e Badira bestelako desberdintasunak, nolanahi ere, preposizioen eta postposizioen artean, ez bakarrik tokiari dagozkionak. Preposizioek badute nolabaiteko askatasun punttu bat, euskal postposizioekin gertatzen ez dena. Hori dela eta, euskal postposizioak lotuago daude aurreko izen sintagmarekin, preposizioak beren izen sintagmekin baino. Juntaduretan ikusten da hori, esaterako: gaztelaniaz ez da arazorik lo hago por y para ti, adibidez, esateko. Baina euskaraz ez da gramatikala horren parekoa: *Zuretzat eta gatik egiten dut (Zuretzat eta zuregatik egiten dut).

Idazkeran ere islatzen da gauza bera: preposizioak bereiz idatzirik ageri dira (a casa, à la montagne, to the mountain). Euskal postposizio asko, ordea, itsatsiak deitzen ditugunak, izenarekin5 elkarturik ematen dira: mendira19.2).

Beste batzuk postposizio askeak dira, eta bereiz idazten ditugu (mendi ondoan). Azken kasu horretan postposizio askea den ondo horrek beste postposizio atxiki bat (-n) hartzen du619.3).

1.3f Beste desberdintasun bat kasu marka hartzen duen oinarriari dagokio. Hala, deklinabidea duten hizkuntzetan, latinez, adibidez, izenaren oinarria da erroa (domin-us, domin-i…), ez izena bere osotasunean (domin ez da izena). Euskaraz, ordea, izena bera (edo adjektiboa, izenordaina…), oso-osoan, hartzen da oinarri, eta hari gaineratzen zaizkio determinatzailea eta postposizioak (jaun-arekin, jaun-ari).

Sintagma preposizionaletan, izenak eta adjektiboak hartzen dituzte genero eta numero markak (con los chicos pequeños /avec les petits enfants). Baina ez da holakorik gertatzen euskaraz, sintagma osoak hartzen baititu marka horiek: ume txikiekin / *umeekin txikiekin.

Egiazko deklinabidea duten sintagmetan izenak eta adjektiboak deklinatzen dira (filio bono). Euskaraz, ordea, holakoetan adjektiboak bakarrik hartzen du determinatzailea eta postposizioa (seme onari).

1.3g Latinak bost deklinabide ditu, hau da, kasu bakoitzeko bost marka desberdin, hitzaren arabera (rosa, rosae…; dominus, domini; rex, regis…), baina euskarak postposizio bakarra du kasu bakoitzeko (-ekin).

1.3h Arrazoi horiengatik guztiengatik diogu ez dagoela deklinabiderik euskaraz. Baina deklinabiderik ez bada, horrek esan nahi du kasurik ere ez dela? Ez nahitaez. Euskaraz ez da deklinabiderik, baina badira kasuak gramatika honetan zehar ikusiko dugunez (ikus 18. kapitulua, adibidez). Inguruko hizkuntzetan ere, nahiz deklinabiderik izan ez, genitiboa, zeharkako kasua eta holakoak aipatzen dira. Hemen bertan (§ 1.5a), horrek izenordainetan duen eragina aipatzen da. Beraz, kasuez mintzatuko gara, baina euskaran kasuak ez dira eratzen deklinabidearen bitartez.

1.4. Sintagmek burua azkenean dute

1.4a Adibide guztietan ikusten da euskara eranskaria dela: postposizioak eransten zaizkio sintagma osatzen duen azken hitzari (etxe ederrean, mendi gainean dagoen herrira…). Postposizioak hautatzen du (“gobernatzen” du) sintagma eskuinaldetik, eta gauza bera gertatzen da postposizio askeekin ere: eskuinetik gobernatzen dute aurreko sintagma (maldan behera) eta, aldi berean, batzuetan postposizio aske horrek berorrek postposizio itsatsiak ere hartzen ahal ditu (etxe ondotik).

Hau guztia beste ezaugarri batekin loturik dago. Euskarak sintagmen burua azkenean jartzen duela esaten dugu. Zer esan nahi dugu horrekin? Lehenago aipatu dugu euskara SOV hizkuntza dela (neskak mutila besarkatu du), aditza azkenean jartzen duela, alegia, hurrenkera ez markatuetan (ikus 41. kapitulua). Aditza da aditz sintagmaren muina. Aditzaren barnean dago —edo aditzarekin lotua, barnean biltzen ez badu ere, hori sintetikoetan (trinkoetan) bakarrik gertatzen baita— perpausaren burua (laguntzailea edo, hobeki esan, inflexioa deritzana: § 2.14). Perpausaren azkenean doa aditza, eta berak biltzen du perpausaren gunea. Zehatzago izan nahi badugu: perpausaren gunea edo burua inflexioa da, eta azkenean doan (egin dute, ikus dezagun…) inflexio sintagma horrek biltzen du aditz sintagma. Aditz sintagmaren burua aditza da. Ikusten dugu, hortaz, osagai hori amaieran uzten dugula. Ez da hori gertatzen inguruko hizkuntzetan: lo han hecho; hemos venido; Marie est venue…

1.4b Koherentea da hori guztia, halaber, hizkuntza postposizioduna izatearekin, kasuetan ageri diren marka horiek (etxean, etxetik, lagunarekin) baitira, berez, sintagmaburuak, eta burua azkenean ageri baita (preposiziodunak diren hizkuntzetan alderantziz gertatzen da: en casa/at home/à la maison; de casa; con el amigo). Mugatzaileak ere (artikulua eta erakusleak) beti amaieran jartzen ditugu: etxea; herri horiek…, eta ez aurretik, inguruko hizkuntzetan bezala (la casa; la maison; the house).

1.4c Euskarak, bestetik, menderagailuak ditu, eta menderagailu gehienak ere laguntzailearen eskuinean jartzen dira: entzun dugula, ikusi duten, delako eta abar (ondoko hizkuntzetan: que hemos oído, que han visto, porque es pequeño…).

1.4d Euskarak, azkenik, atzizkiak ditu, ez aurrizkiak (edo, aurrizki batzuk baldin baditu ere, gutxiago dira, eta berriagoak, arruntean —nahiz ez denak— mailegu berrien analogiaz sortuak direnak). Nolanahi ere, bistan da gaztelaniak eta frantsesak aurrizkiak dituztela, batez ere, eta euskarak atzizkiak, batez ere. Hori ere koherentea da “burua azkenean” emandako arauarekin.

Gramatikan ikusiko dugunez, hurrenkera horiek guztiek, azken batean, gauza bat erakusten dute, euskal sintagmen burua sintagmaren amaieran ageri dela.

1.4e Postposizioak eratzen duen sintagma postposizio sintagma deitzen dugu (ikus 19. kapitulua). Holakoak dira mendian, etxe ondoan, Mikelentzat, maldan goiti, ahizparekin… Horiek guztiak postposizio sintagmak dira, eta postposizio baten inguruan eratzen dira. Denen ezaugarria da sintagmaren ardatza azkenean ageri dela. Bat dator hori goian esan dugunarekin: burua azkenean. Greenberg hizkuntzalariak (1963a) aztertu ditu munduko hizkuntzek dituzten antzekotasun tipologikoak, bera izan da holako lan mota modu sistematikoan egin duen lehenbizikoetakoa. Hizkuntzak sailkatzeko orduan honako hau aurkitu zuen, besteak beste: adierazpen perpausetan joera handia dago subjektua osagarri zuzena baino lehenago agertzeko (SOV); SOV hizkuntzak arruntean postposiziodunak dira (etxera), Greenbergen 4. unibertsala; genitiboa, hizkuntza preposiziodunetan, izenaren ondotik doa (la casa de Juan; la maison de Jean), baina hizkuntza postposiziodunetan aurretik ageri da (Jonen argazkia); SOV hizkuntza batean genitiboa izenaren ondoren ageri bada, orduan adjektiboa ere izenaren ondotik doa. Berehala itzuliko gara hona.

1.4f Gramatiketan izen sintagma (IS) deitu izan dira adiskidea, gure etxea edo leiho handia bezalakoak. Hala ere, gramatikari batzuen ustez egokiago litzateke holakoetan determinatzaile sintagmaz hitz egitea. Horiek determinatzaile sintagmak lirateke, eta hala deitzen dituzte hizkuntzalariek beste hizkuntza batzuetan. Gramatika honetan aurrerago azalduko da arazoa, baina koherentea litzateke orain arte esaten dugunarekin, hor ere burua, -a determinatzailea kasu honetan, amaieran ageri baita. Kontu honetara berriz ere itzuliko gara gramatika honetan (§ 2.13: “Determinatzailea(k) eta DSa”).

Arazoak sor litezke, itxura batean, adjektiboekin: etxe handia esaten dugunean, determinatzaile sintagma litzateke sintagma osoa. Zer da, ordea, hor ageri den etxe handi hori? Badirudi izen sintagma dela, baina sintagmaburua izena (etxe) baldin bada ez da amaieran ageri, baizik aurretik. Greenbergek egindako azterketetan, OV motako hizkuntzetan adjektiboak izenaren aurrean egon behar luke (genitiboarekin gertatzen den gisan), eta izenaren ondotik hurrenkera VO baldin bada. Hori ez letorke bat euskararekin. Baina Greenbergen analisia, puntu honi dagokionez, ez dirudi zuzena den, berehalaxe izan baitzen hizkuntzalarien artean eztabaidatua. Dryer-ek (1992) erakutsi zuen ez dagoela halako joerarik, munduko berrehun hizkuntzatik gora aztertu ondoren. Cinquek (2005) ere gauza bera erakutsi zuen. Gaurko gramatiketan, zernahi gisaz, gizon handi ez dela berez ISa proposatzen da, baizik adjektibo sintagma (AdjS), hau da, sintagma horretan adjektiboa bera (handi) izango litzateke burua, ISa (gizon) haren osagarria eta adjektiboak dagokion determinatzailea harturik (-a, kasu honetan) osatuko luke DSa, determinatzaile sintagma: gizon handia. Hori proposatu izan dute Artiagoitiak (2002a, 2002b, 2004, 2006) eta Oyharçabalek (2006b), esate baterako, argumentu sendoak erabiliz, gainera. Badira, hortaz, arrazoiak holako zerbait dela pentsatzeko (ikus § 2.8: “Adjektiboa, AdjSaren buru”). Hori hala balitz, orduan ez genuke arazorik izango, eta guztia koherentea litzateke, burua azkenean ageri baita (gizon handi).

1.5. Euskara hizkuntza ergatiboa da

1.5a Euskararen beste bereizgarri bat —euskaldunen arreta ez ezik, kanpoko hizkuntzalariena ere jaso duena— ergatibotasuna da. Izan ere, euskara hizkuntza ergatiboa da, eta auzoko hizkuntzak —frantsesa eta gaztelania, adibidez— hizkuntza akusatiboak dira. Hizkuntza bat ergatiboa denetz jakiteko, bere kasu sistemari begiratzen diogu eta sistema hori nola atontzen den ikusten dugu. Jo dezagun bi perpaus hauek ditugula: Zu berandu etorri zara; Zuk ni ikusi nauzu.

Lehen perpausean, etorri aditza dugu eta bigarrenean ikusi, eta bi perpausetako subjektuak desberdinki markatzen dira: batean zu forma dugu eta bestean zuk. Bada, zu pertsona izenordainari gaineratu zaion -k marka morfologikoa kasu marka bat da, eta ergatiboa deitzen zaio. Aldiz, lehen perpauseko zu pertsona izenordainak zero kasu marka duela esan ohi da, eta kasu honi absolutiboa deitzen zaio (§ 18.2). Euskararen gisako hizkuntza ergatiboetan, perpauseko subjektuak kasu marka bat edo bestea jasotzen du, aditza zein den: etorri edo beste aditz intrantsitibo bat izanez gero, orduan subjektuak absolutiboa jasotzen du, zero marka morfologikoa (ø); aldiz, ikusi edo halako beste aditz trantsitibo (iragankor) bat izanez gero, orduan subjektuak ergatiboa erakusten du, -k marka. Labur esanda, ergatiboa den hizkuntza batean, subjektuak bi kasu erakusten ditu, nolakoa den aditza. Baina ez da hori bakarrik gertatzen: bi kasu horietatik bat, hots, absolutiboa, aditz trantsitiboetako osagarriari ere ezartzen zaio: Nik zu ikusi zaitut.

Horrenbestez, absolutiboa (zu), batzuetan, osagarri zuzena da, eta, beste batzuetan, subjektua: bietan kasu absolutiboa. Beraz, hitz gutxitan esateko, subjektuak bi marka har ditzake, aditzaren arabera, ø (absolutiboa) edo -k (ergatiboa), eta aditz trantsitiboetako osagarri zuzenak eta aditz intrantsitiboetako subjektuak marka bera hartzen dute: ø. Bi funtzio, subjektua eta osagarri zuzena, marka berarekin (ø), batetik; eta funtzio bera, subjektua, bi marka desberdinekin (-k eta ø), bestetik:

Ikusi → NIKerg ZUabs ikusi zaitut

Etorri → ZUabs etorri zara

Halako kasu sistema duen hizkuntzari ergatiboa deritza. Euskararekin alderatzen baditugu, tipologikoki bestelako kasu sistema dute gaztelaniaren edo frantsesaren tankerako hizkuntzek, kasu marka berarekin markatzen baitituzte subjektuak beti, nominatibo kasua deritzanarekin, eta osagarria beste batekin, akusatibo deritzanarekin. Egia da hizkuntza hauek galdu dituztela neurri handi batean kasua adierazten duten marka morfologikoak, baina batzuetan, pertsona izenordainetan bereziki, geratzen dira aztarna batzuk: yo he venido / je suis venu; yo te he visto / je t’ai vu. Bietan subjektua (batean intrantsitiboa, bestean trantsitiboa) berdin markatua: yo eta je. Aldiz, (tu) me has visto / tu m’as vu esaten dugu, eta hor ageri da akusatiboaren seinale zaharra: me (izan ditzakeen aldaera fonologikoekin, jakina).

Beste ohar bat egitea ere komeni da hemen: deskribatzen ari garen fenomeno honek aditzean ere badu isla. Dakigunez, aditz laguntzaileak kasu ergatibo, absolutibo eta datiboarekin (azken hau ez beti) egiten dituen komunztadura markak biltzen ditu morfologian. Hola, eman dizkiet entzuten badugu, badakigu dizkiet horrek perpausaren gaineko informazio handia ematen digula: badakigu subjektua lehen pertsona singularrekoa dela (dizkie-t); badakigu, orobat, pluraleko hirugarren pertsona ageri dela datiboan, zehar-osagarri gisa (dizki-e-t); eta badakigu osagarri zuzena pluralekoa dela (di-zki-et). Informazio hori guztia aditz laguntzailearen morfologian bildua da. Horregatik diogu deskribatzen ari garen fenomenoak baduela isla aditzean: ni etorri naiz; nik egin dut. Baina zuk ni ikusi nauzu. Hor ere deskribatu dugun paralelismo bera ageri da, aditzaren morfologian.

1.5b Hala ere, konfigurazio hori (intrantsitiboa = subjektu absolutiboa; trantsitiboa = subjektu ergatiboa - objektu absolutiboa) ez da beti horrela gertatzen euskal sintaxian. Batzuetan hautsi egiten da, eta euskarak, zenbait agerralditan, ez du konfigurazio ergatibo kanonikoa erakusten. Jo ditzagun adibide hauek: Zu Pirinioetan egon zara / Zuk Pirinioetan eskiatzen duzu. Argumentu kopuruaren aldetik (§ 23.2.2), biak pareko dira. Alta, eskiatu aditzak duen argumentu bakarrean ergatiboa eskatzen du, eta ez absolutiboa. Aditz hori (eskiatu) berria da, baina aditz klasiko batzuekin ere gertatzen da zenbaitetan holako zerbait: Mota guztietako lanetan jardun zen Aitziber / Mota guztietako lanetan jardun zuen Aitziberrek.

1.5c Egon eta eskiatu aditzek argumentu bana dute, intrantsitiboekin gertatzen den gisan, eta hortaz, biak intrantsitibotzat hartu behar ditugu. § 23.2.2.2 atalean xehekiago azalduko bada ere, aditzen “argumentu” deitzen diegu aditzek duten sare semantikoan ageri diren osagaiei. Sare semantiko horiek eredu jakin bati jarraiki eratzen dira arruntean. Esate baterako, etorri aditzak norbait etortzea eskatzen du, bestela ez luke zentzurik: Izeba etorri da. Argumentu hori beharrezkoa du. Ikusi aditzak norbaitek zerbait ikustea eskatzen du eta, beraz, aditz horren sare tematikoan (edo semantikoan, esanahi bera dute bi terminoek azalpen honetan) bi argumentu daudela esaten dugu: norbait eta zerbait7, adibidez, Alabak aita ikusi du. Era berean, eman aditzak bi argumentu eska ditzake, esanahia nolakoa duen: Ikertzaileak hitzaldia eman zuen. Edo hiru, ezinbestean: Itziarrek musu eman dio alabari. Horiek dira, esan dezagun, aditzen sare arruntenak, sare horietan parekotasuna baitago, gainera, kasu markekin: argumentu bakarra bada, kasu absolutiboa ageri da (izeba); bi badira, kasu ergatiboan eta absolutiboan doaz (alabak, aita).

Baina aditz guztiek ez dute eredu hori segitzen, eta argumentuen eta kasuen arteko parekotasun hori hautsia gelditzen da zenbaitetan. Batzuetan, aditz batek eskatzen dituen bi argumentuak ez ditugu kasu ergatiboan eta absolutiboan ikusten: Txokolatea gustatzen zait esaldian bi argumentu ageri dira (gustatu aditzak zerbait eta norbaiti gustatzea eskatzen du ezinbestean)8, baina bi argumentu horiek ez daude kasu ergatiboan eta absolutiboan, espero genezakeen gisan, baizik absolutiboan eta datiboan. Iritzi eta eutsi modukoek ergatiboa eta datiboa eskatzen dute, nahiz aditz laguntzailea dio sailekoa duten (§ 23.2.2.4g). Bada, goian aipatu eskiatu eta jardun ere sail horretakoak dira, argumentu bakarra izanik ez baitoa argumentu hori kasu absolutiboan, baizik ergatiboan (jardun aditzaren kasuan, aukeran, ergatiboan nahiz absolutiboan). Inoiz “deponente” ere deitu izan zaie holako aditzei euskal gramatiketan. Dimititu eta iraun ere tankera berekoak dira: Jonek aspaldi dimititu zuen; Erauntsiak lau ordu iraun du9. Ageri den argumentu bakar hori batzuetan agentea da (eskiatu), beste batzuetan esperimentatzailea (sufritu, pairatu) eta beste zenbaitetan ikusmena, usaimena edo entzumena estimulatzen duen gertakari batekin lotzen da (Rappaport & Levin 2000: 269-304): Ezkilak jo du; Eguzkiak dirdiratzen du; Gehien distiratzen duen izarra da; Goiz argitu du gaur; Atzo hamarretan ilundu zuen… Holako asko euskaraz egin aditzaz baliaturik ematen ditugu: ulu egin, intziri egin

1.5d Horregatik diogu aditz horiek ez dutela eredu arrunta segitzen eta, goian aipatu konfigurazio hedatuenekin erkatuz gero, oso konfigurazio diferenteak eratzen dituztela. Hori gertatzea ezustekoa da hizkuntza ergatibo batean. Izan ere, euskara hizkuntza ergatiboa izanik, printzipioz espero genezake lehen perpausean dagoen konfigurazio bera egotea baita bigarrenean ere, hots, *Zu Pirinioetan eskiatu zara bezalako zerbait gramatikala izatea, baina, jakina denez, perpaus hori ez-gramatikala da. Eta horren antzeko zerbait gertatzen da jardun aditzarekin, nahiz egia den aditz horrek bi konfigurazioak onartzen dituela: Hamaikak arte jardun zuten/ziren lanean. Badira, hortaz, intrantsitibo absolutibodunak (gehienak) eta intrantsitibo ergatibodunak (gutxiago). Hola deituko ditugu (§ 1.5.f).

Beharbada horregatik sortu dira ohitura eta erabilera desberdinak zenbait aditzen inguruan: dantzatu, esate baterako. Aditz hori Zu Pirinioetan egon zara esaldiko eredu berarekin erabili izan da gehien bat tradizioan: Dantzatu naiz eredukoa da, intrantsitibo arrunta, alegia. Hola erabili izan da euskalki guztietan. Nahiz badiren eskiatu-ren eredua segitzen duten idazleen adibideak ere: Jaunaren aurrean dantzatuko dut; Ez duela dantzatzen zortzikoan gaizki; Dantza ezazu eta horien pareko zenbait ageri dira literatura klasikoan. Eta gaurkoan ez dira falta: Denek dantzatu dugu musika horretan… Baina adibide gehienak laguntzaile gisa izan hartzen dutenen eredukoak dira, edo bestela konfigurazio trantsitibo arruntekoak, subjektua eta osagarri esplizituarekin: Aurreskua dantzatu zuen. Horren antzekoa da borrokatu aditza ere. Literaturako adibide gehienak egon eredukoak dira: Arratsalde osoan borrokatu da, baina ezin izan du konpondu; Etsaien kontra borrokatzen ziren eta abar. Gaurko literaturan borrokatzen dute, borrokatzen zutenek ez zekiten… bezalakoak nahiko arruntak dira. Hor eskiatu-ren eredua segitzen dute. Ikus honetaz segidan datorren atala.

1.5e Itzul gaitezen berriz ere egon eta eskiatu aditzetara eta ikus dezagun diferentziak zertan diren. Lehenean, egon aditzaren argumentu bakarrak (zu) kasu absolutiboa du. Oso bestela, bigarrenean, eskiatu aditzaren subjektuak kasu ergatiboa erakusten baitu, perpausean osagarri zuzenik ez dagoen arren. Diferentziak ez dira kasu absolutibo eta ergatiboen banaketara mugatzen, eta dagokien komunztadurara ere zabaltzen dira, adizkiaren morfologiara. Izan ere, lehen perpausean, subjektu komunztadura z- aurrizkiaren bitartez gauzatzen da (zu … egon zara) eta bigarrenean, -zu atzizkiaren bidez (zuk … eskiatzen duzu). Horretaz gain, izan eta *edun aditz laguntzaileen arteko banaketa dago bi perpausen artean, eta bigarren perpausean ageri den laguntzailea da aditz trantsitibo arrunt batekin, ikusi aditzarekin adibidez, hautatzen dugun bera. Beraz, argumentu bakarra (hortaz, intrantsitiboa), baina kasu desberdina (absolutiboa batean, ergatiboa bestean). Horregatik esan dugu lehenago konfigurazioa hausten dela holakoetan. Intrantsitiboen eta trantsitiboen subjektuak berdin markatzen dituzten hizkuntzak akusatiboak dira: yo (subj.)… intrantsitiboa; yo (subj.) / me (obj.) trantsitiboa. Aldiz, hizkuntza ergatiboen ezaugarria da subjektuaren marka desberdina izatea aditz intrantsitiboetan eta aditz trantsitiboetan: Mikel etorri da / Mikelek Jone agurtu du. Baina ikusten ari garen adibide hauetan intrantsitiboen subjektua da aldatzen dena: Jone etorri da / Jonek eskiatu du.

1.5f Aditzen arteko bereizketa mota hauek beste hizkuntza askotan ere gertatzen dira. Hori kontuan izanik, hizkuntzalariek perpaus intrantsitibo mota nagusi bi bereizten dituzte: inakusatiboak eta inergatiboak. Euskaldunentzat guztiz nahasia gertatzen da terminologia hori, berehala ikusiko den gisan. Intrantsitiboetan ageri den argumentu bakar horrek duen rol tematikoan oinarritzen dute hizkuntzalariek bereizketa. Ikus ditzagun perpaus hauek: Itziar gaixotu da; Koldo esnatu da; Irakaslea mintzatu da; Gazteak eskiatu du. Perpaus horiek guztiak intrantsitiboak dira, argumentu bakarra dute. Baina aditzaren esanahia eta aditzak hartzen duen argumentuak aditzarekin duen erlazio semantikoa kontuan hartzen baditugu, berehala ohartuko gara erlazio semantiko desberdinak sortzen direla hor, puntu bati dagokionez. Perpaus horietako batzuetan subjektua ez da ekintzaren borondatezko egilea (gaixotu, esnatu), baina beste batzuetan egiazko egilea da (eskiatu, mintzatu). Beste adibide honetan argiago ikusiko da kontua: Edalontzia hautsi da / Mirenek edalontzia hautsi du. Bietan harreman semantiko antzekoa da edalontzia-ren eta hautsi-ren artean, batean subjektua eta bestean objektua bada ere. Bietan, nolabait esateko, edalontzia argumentua ‘gaia’ edo ‘jasailea’ (pazientea) da. Hori dela eta, aditz intrantsitiboen artean bi mota bereizten dira: ageri den argumentu bakar hori prozesuaren egilea izan daiteke (Miren mintzatu da) edo beste zerbait; ez, nolanahi ere, egilea (Miren gaixotu da). Horri deitzen diogu paper tematiko desberdinak ezartzea.

Bada, hizkuntzalariek ikusi dute rol tematiko desberdinak ezartzeaz gain, intrantsitiboetan sortzen diren bi multzo horiek propietate sintaktiko eta morfologiko diferenteak dituztela, nahiko modu koherentean ageri direnak hainbeste hizkuntzatan. Eta hortik sortu dira bi multzoak: inakusatiboak eta inergatiboak. Inakusatiboek argumentu bakarra dute; jasailea edo gaia ere deitzen zaio argumentu bakar horri. Eta hor sartzen dira Jon gaixotu da bezalakoak. Aldiz, inergatiboen argumentua egilea da, eta multzo horretakoak dira Jonek eskiatu du modukoak. Honek sortzen du lehenbiziko zailtasuna euskaldunentzat, zail egiten baitzaigu ergatiboa agerian duen Jonek eskiatu du bezalako bati inergatibo deitzea. Egokiago da, hortaz, euskararen kasuan, intrantsitibo ergatibodunak deitzea inergatibo direlakoei, eta intrantsitibo absolutibodunak, berriz, inakusatiboei, gorago proposatu dugun gisan. Hori dela eta, baliokideak dira gure terminologian, batetik, inakusatiboak eta intrantsitibo absolutibodunak, eta bestetik, inergatibo eta intrantsitibo ergatibodunak.

1.5g Esan dezagun, hortaz, laburtuz, euskaraz baditugula perpaus trantsitiboak (irakasleak eskola eman du), alde batetik, eta intrantsitiboak (irakaslea gaixotu da), bestetik. Orobat, intrantsitiboen artean baditugu intrantsitibo absolutibodunak (neska esnatu da), eta intrantsitibo ergatibodunak (neskak eskiatu du). Sailkapen hau ez dator bat, ez orain arte euskal gramatikek (EGLU barne) egin duten sailkapenarekin, ez eta hizkuntzalari askok egin duten inakusatiboen eta inergatiboen arteko sailkapenarekin10.

1.6. Aditz komunztadura

1.6a Aditz komunztadura da beste bereizgarri argienetako bat. Izan ere, euskarak oso morfologia aberatsa du aditzean eta hori aditz komunztaduran ikusten da, aditz laguntzaileak subjektu, zehar-osagarri eta osagarri zuzenarekiko komunztadura erakusten baitu: Nik Joni liburuak ekarri dizkiot.

Perpaus horretan hiru argumentu ageri dira, nik subjektua, Joni zehar-osagarria eta liburuak osagarri zuzena. Argumentuak orotara hiru dira, ekarri aditz trantsitibo datiboduna/aditz ditrantsitiboa delako. Hori esan nahi du, hain zuzen ere, “ditrantsitibo” hitzak, delako aditz horrek osagarri zuzena eta zehar-osagarria eskatzen dituela (gramatikari batzuek “hipertrantsitibo” ere deitu izan diete holako aditzei). Kontuan izan behar dugu, hortaz, aditz intrantsitiboek argumentu bakarra dutela (subjektua), aditz trantsitiboek bi (subjektua eta osagarri zuzena) eta aditz ditrantsitiboek hiru (subjektua, zehar-osagarria eta osagarri zuzena). Hirugarren argumentuak, hots, zehar-osagarriak, datibo kasua jasotzen du eta -(r)i marka morfologikoa du euskaraz (§ 18.4.1).

1.6b Begira diezaiogun orain adibideko adizkiari (Nik Joni liburuak ekarri dizkiot). Adizkiak forma analitikoa (euskal gramatiketan perifrastikoa deitu izan zaie holakoei) erakusten du, hau da, aditz lexikoa (ekarri) eta adizki laguntzailea (dizkiot) bereizten ditu, eta adizki laguntzaile horrek jasotzen du lehen aipatu ditugun hiru argumentuen gaineko komunztadura, hots, subjektu, zehar-osagarri eta osagarri (zuzen) komunztadura: subjektu komunztadurari dagokio -t singularreko lehen pertsonako atzizkia; -zki- osagarriaren numero komunztadura marka da, eta azkenik, -o singularreko hirugarren pertsona komunztadura marka zehar-osagarriari zor zaio. Ikusten denez, beraz, askotariko komunztadura jasotzen da aditz laguntzailean. Kontuan izan beharra dago hizkuntza asko eta askotan, gaztelaniaz edo frantsesez esaterako, subjektu komunztadura baino ez dagoela, eta oso gutxi direla euskaraz bezalaxe, hiru komunztadura marka jasotzeko gaitasun morfologikoa dutenak. Horien artean aipatu beharrak dira Kaukasoko ipar-mendebaldeko abkhar-adygtar hizkuntzak (abkhaziera, ubikhera, adyghera)11. Gaztelaniaz, zenbait kasutan, klitiko batzuekin gertatzen denak euskaraz egiten duguna ere ekartzen digu gogora: Tú a mí esos papeles, déjamelos bien ordenados.

1.6c Berezi samarra da euskararen aditz komunztadura. Goian esan dugu euskara hizkuntza ergatiboa den edo ez ebazten dugula bere kasu sistemari begiraturik, baina hori bera jakin daiteke komunztadurari begira ere: baldin eta aditz intrantsitiboko eta aditz trantsitiboko subjektuei komunztadura marka diferenteak egozten bazaizkie, eta aditz intrantsitiboko subjektuari ezartzen zaiona osagarriari ezartzen zaion bera bada, orduan, komunztadurak sistema ergatiboa erakutsiko du. Lehen aipatu dugu hau, baina ikus dezagun astiroago: Zu berandu etorri zara; Zuk ni ikusi nauzu; Nik zu ikusi zaitut. Adizki laguntzaileak biltzen dituen markak hartu ditugu hor kontuan, eta haiei behatu diegu.

Zu pertsona izenordainari erreparatu diezaiogun. Lehen perpausean zu subjektua da, absolutibo kasua du eta aditz laguntzaileak z- aurrizkiaren bitartez egiten du komunztadura harekin. Bigarren perpausean, aldiz, zuk subjektua izan arren, ergatibo kasua du eta -zu atzizkiaren bitartez ageri da adizki laguntzailean. Ikusten denez, subjektu komunztadura ez da hizki bakar batekin bakarrik adierazten aditzean: komunztadura aurrizkia (z-) egozten zaio absolutiboz markatutako subjektuari eta komunztadura atzizkia (-zu), berriz, ergatiboz markatutako subjektuari. Horregatik, hizkuntzalaritzan absolutibo komunztaduraz eta ergatibo komunztaduraz hitz egitea egokiago ikusi da, ez horrenbeste subjektu komunztaduraz, subjektu komunztadura bat bera ez delako. Ostean, hirugarren perpausari begiratzen bazaio, zu osagarria da eta osagarri horrek predikatu intrantsitiboko subjektuaren kasu bera du, hots, absolutiboa, eta bere z- komunztadura aurrizki bera du adizki laguntzailean. Beraz, euskararen komunztadura sistema bera ere ergatiboa da.

1.6d Hizkuntza ergatibo batzuetan ergatibotasuna ez da kasuen bitartez azaltzen, komunztaduraren bitartez baino. Maia hizkuntzak halakoak dira, hots, komunztadura sistema ergatiboa dute. Argumentuek, euskaraz ez bezala, ez dute kasu marka espliziturik, eta hortaz, ezin daiteke esan kasu sistema ergatiborik edo bestelakorik dutenik. Alabaina, komunztadurak erakusten duenez, aditz intrantsitiboko subjektua eta aditz trantsitibokoa bereizi egiten dira, eta osagarriaren komunztadura marka bera du intrantsitiboko subjektuak. Ergatiboak dira, beraz. Euskarak, nolabait ere esateko, modu bikoitz batean erakusten du bere izaera ergatiboa: kasu sisteman eta aditz komunztaduraren sisteman.

1.6e Baina batzuetan komunztaduran haustura bat gertatzen da. Ikus ditzagun perpaus hauek: batetik, ni berandu etorri naiz eta nik Jon ikusi dut; bestetik, ni berandu etorri nintzen eta nik Jon ikusi nuen.

Lehen bi perpausetan, espero izatekoa den komunztadura aurkitu dugu: batetik, n- absolutibo komunztadura aurrizkia ni absolutiboz markatutako subjektuarekin lotzen dugu, eta, bestetik, -t ergatibo komunztadura atzizkia nik ergatiboz markatutako subjektuarekin. Alabaina, gauzak zertxobait aldatzen dira iraganeko kideko bi perpausetan, bereziki azken perpausean, nik subjektu ergatibodunak adizkian ohiko -t komunztadura atzizkia erakutsi beharrean, ezusteko n- komunztadura aurrizkia erakusten baitu, orainaldiko perpausaren absolutiboaren marka (eta ez, espero zitekeen gisan, ergatiboarena): Jon ikusi dut / Jon ikusi nuen.

Horren ondorioz, bi subjektuen arteko komunztadura berdindu egiten da, eta hizkuntza akusatiboetan ere hala izaten denez (pentsa bestela nosotros venimos / nous arrivons ‘gu gatoz’ eta nosotros leemos / nous lisons ‘guk irakurtzen dugu’ subjektu komunztaduren batasunean), badirudi ereduak huts egiten duela. Horrelakoak ez dira arrotzak hizkuntza ergatiboetan. Ergatibotasun hautsia deritza honi, edo ergatibotasun erdibitua (ing. split ergativity), eta horrek erakusten du ergatibotasunaren ezaugarrien eredua batzuetan hautsi egiten dela (ikus ergatiboaren hausturaz § 18.3.3). Hala ere, ikusi behar da hori egiazko haustura den ala erdibiketaren itxura baizik ez den. Gure ustez, itxura kontua da gehiago, egiazko erdibiketa baino. Erdibiketa itxura diogu, zeren tipologikoki apur bat desbideratzen baita euskara euren komunztadura sisteman erdibiketak erakusten dituzten beste hizkuntza batzuetatik.

Kontuan izan behar da halako itxuraketa akusatibo bat gertatzen dela euskaraz iraganean edota alegiazko adizkietan (egingo nuke, egin nezake), hau da, nolabait aldiak edota moduak baldintzatzen dutela nuen eta abarren agerraldia. Eta betiere absolutiboaren hirugarren pertsonaz ari gara12, ez besteez: hura ikusi nuen baina zuk ikusi ninduzun. Azken hau guztiz erregularra da: zuk ikusi nauzu, zuk ikusi ninduzun. Alabaina, aditz morfologiaren ergatibotasun erdibitua (ikusi dut, ikusi nuen) aldiak, aspektuak edo moduak ere baldintza dezaketen arren, hala izanez gero, ez da hizkuntza horietan gertatzen euskaraz gertatzen dena, baizik justu-justu alderantzizkoa: euskaraz ez bezala, iragan aldian edo aspektu burutuan gertatzen da itxuraketa ergatiboa, eta akusatiboa, berriz, bestelakoetan. Hindia/urdua dugu honen adibide. Hortaz, antzekotasun tipologikoak beste nonbait aurkitu behar ditugula dirudi, eta ez horrenbeste ergatibotasun erdibituaren eremuan.

1.6f Nik Jon ikusi nuen perpausean erakutsi dugun fenomenoari ergatiboaren lekualdatzea deitzea egokiago litzateke, Laka (1993a) eta beste batzuen ustez. Deitura honen atzean dagoen ustea da ergatibo komunztadura, atzizkia izan ohi dena, lekuz aldatu dela nolabait eta aurrizki baten bidez azaldu dela (-tn-). Fenomeno hau azaltzeko, hortaz, bi modu erabil daitezke: bat, ergatibotasun erdibitu klasikoa (beste hizkuntza batzuetan gertatzen dena, baina azalpen horrek baditu eragozpenak, esan bezala); bestea, ergatiboaren lekualdatzea. Hau ere ez da batere gauza berezia euskaraz, sintaxian beti ikusi izan dira lekualdatze fenomenoak: Norekin esan dizu Maitek bizi dela? Perpaus arrunt horretan kontua ez da ni norbaitekin nagoela eta Maitek esan didala zerbait, baizik Maite norbaitekin bizi dela (bera edo beste norbait), eta galdera egitean norbait horretaz erabiltzen dugun galdetzailea tokiz mugitu dugula13: Norekin esan dizu Maitek bizi dela? Hutsarte horretatik mugitu da galdetzailea kanpora. Bada, holako zerbait gertatuko litzateke aurrizkiarekin ere: -t atzizkia (dut), n- aurrizkia bihurtzen da tokiz aldatzean (nuen).

1.6g Erdibitzea izan, lekualdatzea izan, beste batzuek uste dute, ordea, eta hau litzateke hirugarren azalpen posiblea, hor ez dela benetan lekuz aldatutako ergatibo komunztadura hizkirik, baizik absolutibo komunztadura hizki huts bat. Hemen ere, ikusten denez, kontrako hipotesiez azaldu nahi izan dira datu berberak. Inork ukatuko ez duena da aipatzen ari garen perpausean komunztadura aldetik zerbait bitxia gertatzen dela, ingelesez eccentric agreement deitzen dutena, zeren euskaraz ez ezik, munduko beste hizkuntza urrun samarretan ere antzeko fenomenoen testigantza jaso baita, txuktxieraren antipasibo izunean (spurious antipassive, ingelesez), adibidez. Itzuliko gara geroago egitura antipasibo hauen ezaugarrietara (§ 1.8i, § 1.8j).

Aipatzekoa ere bada, neurri batean bitxia, eta orain ez gara azalpen teknikoez ari, euskaltzaleak nola mintzatu diren forma hauezaz ohartu direnean, nola ikusi izan dituzten. Adibidez, Euzkeltzale Bazkunak 1933an argitaratu zuen euskara ikasteko testuliburuan, iraganerako leudan, leuguban, leuzuban… formak ematen ditu, eta sarriago erabili arren, forma okertzat hartzen ditu neban, geban, zeban… edota azken bi hauen ordezko genduban, zenduban… Ikusten denez, ergatiboaren lekualdatzea zuten formak (aditz batuko nuen, genuen, zenuen adizkien kidekoak) okertzat jotzen zituzten, eta forma zuzentzat, aldiz, komunztadura sistemari eusten zioten forma asmatuak. Bitxikeriak bitxikeria, arretarik ez zaio falta izan komunztadura itxuraketa honi, ez euskalarien artean, ez oro har gramatikarien artean ere.

1.6h Komunztaduraz ari garela, komunztadura argumentalaz hitz egin ohi dugu orain arte, subjektuarekin eta gainerako argumentuekin batera datorrenaz. Hola, nik zu ikusi zaitut diogunean, laguntzailean markaturik gelditzen dira subjektua (nik…, adizkiaren amaieran -t ageri da) eta objektua (zu…, adizkiaren hastean z-): zaitut. Horiek argumentuak dira: ikusi aditzak norbaitek zerbait ikustea eskatzen du. Komunztadura argumentala dela diogu, horregatik. Aldiz, beste batzuetan aditzak beste mota bateko komunztadura egiten du: ikusi dut / ikusi diat / ikusi dinat. Adizki horietan lehenbizikoa bakarrik da zaitut-en pareko (ikus § 27.1). Beste bietan beste mota bateko komunztadura egiten da: diat erabiltzen dugu gure solaskidea gizona bada, eta dinat, berriz, andrea delarik, baldin hizkera alokutiboa aukeratzen bada. Baina solaskidea andrea edo gizona izateak ez du deus zerikusirik aditzaren argumentuekin. Holakoetan komunztadura ez-argumentala egiten da, eta orduan izatez ez da perpauseko inongo argumenturi dagokion agerpen morfologikoa, ez bada argumentua ez den zerbaiti egotzi beharrekoa. Komunztadura ez-argumentala da euskararen alokutiboa, ikusten denez (Oyharçabal 1993). Tipologikoki ezaugarri berezia da hau ere, japonieraren honorifikoekin konpara daitekeena, esaterako. Konpara ditzagun elkarren artean ondoko bi perpausak: Nik Joni liburuak ekarri dizkiot eta nik Joni liburuak ekarri zizkioat/zizkionat. Lehenbiziko perpausean komunztadura argumentala egiten da, beste bietan argumentala eta ez-argumentala (§ 27.1).

1.6i Ez dago desberdintasunik, esanahiaren aldetik, adibide horien artean. Desberdintasun bakarra aditz laguntzailearen formari begira antzeman daiteke: dizkiot vs zizkioat/zizkionat. Zizkioat/zizkionat adizkiek jasotzen dituzte banaka-banaka lehen aipatu ditugun komunztadura morfema guztiak, baina morfema berri bat ere gaineratzen du: -a/-na morfemak, hiztunak aurrean duen solaskideari dagozkionak. Hizketa modu hau solaskideari lotua da hertsiki, eta lagunarteko erregistroan bakarrik erabiltzen da, betiere adizki jokatuekin. Beraz, euskaraz, erregistro horretan, generoa sexuarekin lotua da gehienetan: andreari modu batean egiten zaio, eta gizonari bestean. Solaskide gisa animalia bat (izan dadin arra edo emea) edo gauza bat (hiri bat, arbola bat, mendi bat, ibai bat…) hartzen denean, genero markatugabea erabiltzen da (gizonari egiten zaiona bezalakoa, tokakoa; andreari egiten zaiona nokakoa da), euskalki batzuetan bederen (Lafon 1947: 373-394).

Adizki horiexek dira, hain zuzen, komunztadura ez-argumentaleko morfemek eta alokutibo formek sortzen dituztenak. Komunztadura ez-argumentala diogu morfema horiek ez direlako perpauseko inongo argumenturen adierazpide morfologikoak, perpausetik kanpo dagoen solaskidearenak baizik. Kontuan izan morfema horiek benetako argumentu bati balegozkio, orduan argumentu hori agerian egon litekeela perpausean, baina hori ezinezkoa da: *Nik hiri Joni liburuak ekarri zizkioat/nat. Azken batean, alokutiboa ezinezkoa da baldin eta perpausean (eta adizkian) bigarren pertsonako argumenturen bat bada: *Nik zuei esango zizueat. Adizki hori —holako zerbait eskatzen du aditzaren morfologiak— ez da existitzen euskaraz.

1.6j Alokutiboen komunztadura ez-argumentala izan arren, gainerako komunztadura argumentalarekin batera jarriz gero, orduan, lau komunztadura arteko sistema du euskarak (subjektua, osagarri zuzena, zehar-osagarria eta alokutiboa), eta hori oso kasu bakanetan aurki daiteke munduko hizkuntzetan: bat aipatzekotan, eta diferentziak diferentzia, Kaukasoko abazera ekar dezakegu hona, nahiz badiren desberdintasunak. Abazeraren adizkerak aditz ditrantsitiboetako hiru argumentuekin komunztadura egiten du (euskarak bezala), eta gainera adjuntu zenbaitekin ere komunztatzen da (O’Herin 2001: 477-493). Baina kontua bestelakoa da aipatu hizkuntza horretan, itxurazko parekotasunak badira ere: abazeraren komunztadura jokoak xeheki azaltzen dituen lan horrek ez du aipatzen komunztadura alokutiborik.

1.7. Euskara pro-drop hizkuntza da

1.7a Askotariko komunztadura izan da aipatu dugun azken bereizgarria eta batzuen ustez, bederen, beste ezaugarri tipologiko batekin lot daiteke, hots, pro-drop hizkuntza izatearekin, nahiz eta bi ezaugarriak ez diren nahitaez uztartzen. Pro-drop deitura pronoun dropping-en laburdura da, hots, izenordaina isiltzeko hizkuntza batzuek erakusten duten gaitasuna. Horrela nik hari liburuak ekarri dizkiot esaten dugu, baina berdin esan dezakegu, aditz-argumentuen arteko erlazioez informaziorik galdu gabe, ekarri dizkiot. Jakina, izenordaina galdegaia baldin bada ezin dugu isildu: norbaitek nork ekarri dizkio hari liburuak? galdetzen badu, ezin da erantzun “*ekarri dizkiot”. Horretaz gain, esan, horrela esaten da gainera, gehienetan, aditza besterik ez, baldin testuingurutik badakigu ekarri ditugun zer horiek liburuak direla.

1.7b Ekarri dizkiot adizki soileko perpausa dugu hau, eta hor ez daude agerian, ez subjektuari, ez zehar-objektuari, ezta osagarri zuzenari ere dagozkien pertsona izenordainak: nik, hari eta haiek, hurrenez hurren. Izenordain horiek guztiak isildu egin dira eta isildu arren, gramatikala da perpausa. Izenordainak isiltzeko gaitasuna duten hizkuntzei deritzegu pro-drop hizkuntzak: euskara eta japoniera dira bi adibide ezagun. Beste hizkuntza batzuetan, isildu daitekeen izenordain bakarra subjektuarena baino ez da, eta halakoetan, subjektu isileko hizkuntzez hitz egiten dugu. Gaztelania edo katalana dira halako hizkuntzak. Adibidez, vengo tarde ‘berandu nator’ esan daiteke yo ‘ni’ pertsona izenordaina isilduz eta ez da perpaus ez-gramatikalik sortzen, baina hortik aurrerako osagarri zuzena edo zehar-osagarria ezin daitezke isildu. Adibidez, *traigo tarde ‘berandu dakart’ soila jasotzen duen perpausa ez-gramatikala da gaztelaniaz (berdin *J’apporte retard), hau da, dakardan “hori” agerian adierazi behar dugu pertsona izenordaina isildu gabe: lo traigo tarde ‘berandu dakart’.

1.7c Beste hizkuntza batzuetan, aldiz, ezin daiteke ezta subjektua ere isildu, eta ez bestelako argumenturik, noski. Hizkuntza erromanikoen artean, hori gertatzen da frantsesez, adibidez, eta hizkuntza familia horretatik kanpo, ingelesez: *viens, *come. Je viens eta I come esan behar da nahitaez. Hizkuntza hauetan hainbestekoa da subjektu ageriaren (“entzuten” den subjektua esan nahi dugu) premia, non izenordain espletiboen bidez bete behar baita subjektuaren egongune hori. Euskaraz, adibidez, gaur euria egingo du esango genukeen lekuan, ingelesez edo frantsesez ezin baita esan *today will rain eta *aujourd’hui pleuvra. Subjektu betegarri bat eman behar da perpaus gramatikala izango bada: today it will rain eta aujourd’hui il pleuvra.

1.8. Aditz laguntzailearen txandakatzea

1.8a Ikusten denez, asko dira euskarak dituen bereizgarriak: besteak beste, SOV hizkuntza da, hizkuntza ergatiboa, baita pro-drop hizkuntza ere. Horiek guztiak, ikusi dugun gisan, euskararen ezaugarriak dira, eta beste hizkuntza asko guztiz desberdinak dira puntu horietan. Hizkuntzen arteko desberdintasunak parametroen bidez azaltzen ditugu, parametroak baitira hizkuntzen arteko aldakortasun ardatzak: adibidez, hitz hurrenkeraren parametroari zor zaio euskara SOV hizkuntza izatea (buru-parametroa da bere izen teknikoa), ergatibotasunaren parametroari hizkuntza ergatiboa izatea, pro-drop parametroari pro-drop izatea. Alabaina, aldakortasunaren parametroak ez dira nahikoa izan hizkuntzen alderdi bereizgarriak azaltzeko, eta parametro horietatik kanpo bilatu behar ditugu euskarak eta beste hizkuntza batzuek erakusten dituzten zenbait ezaugarri berezi. Horietako bat da, adibidez, aditz laguntzailearen txandakatzea.

1.8b Bereizgarri horietaz (eta gainerakoez ere), hiztuna ez da ohartu ere egiten, baina esanguratsua da euskara beste hizkuntza batzuekin alderatzen dugunean. Ikus ondoko perpaus hauek, esate baterako: Zu berandu etorri zara; Zuk trena galdu duzu.

Izatez, bi perpaus ditugu hor, aditz intrantsitibokoa lehena (etorri) eta trantsitibokoa bigarrena (galdu), eta aditz mota bakoitzarekin aditz laguntzaile bat edo bestea darabilgu: izan laguntzailea etorri aditz intrantsitiboarekin eta *edun laguntzailea galdu aditz trantsitiboarekin. Ohartzen garenez, *edun laguntzaileari aurretik izartxoa jartzen zaio ez delako berez dagoen-dagoenean, forma horrekin, ager daitekeen aditza, izan ager daitekeen bezala (etxean izan da / *arazoa edun du): datu morfologikoen arabera, berreraikitako forma da. Beraz, izan/*edun aditz laguntzaileen artean hautatzen du euskarak, aditz nagusia eta perpausa nolakoa den: Txakurra etorri da; Esan duena entzun dugu. Kontura gaitezen, zer adierazi nahi dugun argi uzteko, ez dela hori gertatzen gaztelaniaz, adibidez: Ha venido el perro; Hemos oído lo que ha dicho. Bietan haber aditza dugu, ez euskaraz bezala bi aditz.

1.8c Datiboa erants dezakegu batzuetan, eta aditz berak erabiltzen ditugu orduan ere: Txakurra etorri zaigu; Esan duena entzun diogu. Batzuetan aditzek berez eskatzen dute datiboa: Niri kakaoa gustatzen zait / Nik zuri katilua eman dizut. Adibidez, gustatu aditz psikologikoa dugu lehen perpausean, datibo eta absolutibo argumentuak hautatzen dituena, eta zait adizkian ikus daitekeenez, izan bera da aditz laguntzailea, nahiz eta datibo komunztadura ere biltzen duen. Eman aditz trantsitibo datibodunarekin (ditrantsitibo ere deituak), berriz, dizut adizkia dago. Adizki horretan ez dugu morfologikoki agerian *edun-en aditz erroa, hots, -u-, dut forma datibo komunztadurarik gabean ez bezala. Alabaina, printzipioz *edun bera dela uste izan dute gramatikari batzuek. Beste batzuek, aldiz, kontuan izanik euskalkien arabera deutsut, dautzut, derautzut, deizüt… moduko adizkiak erabiltzen direla, -i- horretan (dizut) aditz baten erroa ikusi dute. Zernahi gisaz, aditz laguntzailearen hautaketa, hemen ikusten den gisan, zabaldu egiten da datiboa gaineratzen duten egituretara ere. Azkenik, hautaketa hori are konplexuagoa gertatzen da: izan eta *edun aditz laguntzaile intrantsitibo eta trantsitiboaz gain, *edin eta *ezan aditz laguntzaileak ere erabiltzen baitira euskaraz, denbora eta modua zein den, geroago (ikus 26. kapitulua) xehetasunez azalduko dugun bezala14.

1.8d Frantsesak edo italierak ere bereizten dituzte aditz laguntzaileak, eta banaketa hori antzematen da baita aditza intrantsitibo absolutiboduna edo intrantsitibo ergatiboduna denean ere (je suis venu / j’ai skié edo sono venuto / ho sciato), euskararen antzera. Beste hizkuntza batzuek, ordea, aditz laguntzaile bakarra erabiltzen dute forma analitiko batzuetarako (adizki perifrastikoak, esan nahi dugu): gaztelaniak, esaterako, haber aditz laguntzailea erabiltzen du predikatu intrantsitibo (he venido ‘etorri naiz’) zein trantsitiboekin (he leído un libro ‘liburu bat irakurri dut’). Baina egituraz aldatzean posible da beste aditz laguntzaile bat aukeratzea: berriz ere gaztelaniara itzuliz, ser aditz laguntzailea ageri da egitura pasiboetan, adizkietan (fue arrestado ‘atxilotua izan zen’).

Beste hizkuntza batzuek, ordea, ez dute halako aditz laguntzaile hautaketarik erakusten: hori gertatzen da txekieraz edo bulgarieraz, adibidez, eslaviar hizkuntzen arteko bi aipatzeagatik.

1.8e Ondoko bi perpaus hauek dira, orain arte esana kontuan hartzen badugu, euskararen egitura arruntenak: Jendea etorri da; Jendeak gezurrak esaten ditu. Intrantsitiboa lehenbizikoa, trantsitiboa bigarrena. Aditz laguntzailea izan da lehenbizikoan, eta *edun bigarrenean. Aditz laguntzaileez ari garenez, aipa ditzagun beste zenbait kasu, non ikus baitaiteke laguntzailearen aldaketa hori beste egitura batzuetan. Har dezagun, adibidez, jendeak gezurrak esaten ditu perpausa. Horren parean jartzen ahal dugu orain gezurrak esaten dira. Izatez inpertsonala da, baina hemen egitura interesatzen zaigu. Aurrekoarekin erkatuz, han objektu zuzena zena (gezurrak) orain subjektu bihurtu da. Ikus daitekeenez, honek pasiboen itxura hartzen du. Pasiboen eredu garbia duten hizkuntzetan (gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez…) gramatikariek aldaera horren berri eman dute. Nolabait esateko, objektu zuzena subjektuaren tokira igo dela esaten da, eta aktiboan subjektu zena orain “por”, “par” edo “by” bezalako preposizioek osatutako sintagma batean biltzen dela: por el profesor; par le professeur; by the teacher. Egia da gezurrak esaten dira bezalako perpaus batean ez dugula holako postposizio sintagmarik (*gezurrak esaten dira jendeaz), eta irakurketa beti inpertsonala dela, ez baitute egile gauzaturik onartzen. Argumentuen kopurua murriztu egiten da, eta haien nolakotasuna aldatu. Bestela, egitura pasiboen aski antzekoa dela esan daiteke. Hor ere laguntzailea aldatu da: *edunizan.

1.8f Dakigun gisan, hala ere, euskal literaturan, batez ere ipar-ekialdeko idazleen lanetan, badira euskaraz beste hizkuntzetako pasibo “arruntak” bezalakoak: Jainkoa deabruak tentatu zuen bezalako baten pasiboa da Jainkoa deabruaz tentatua izan zen. Beste hauek ere parekoak dira: Nehork, tentatzen denean, ezterrala Jainkoaz tentatzen dela; ezen Jainkoa ezin tenta daite gaizkiz, eta nehor eztu tentatzen, hau da, ‘Inork ere, norbaitek tentatzen duenean ez dezala esan Jainkoak tentatzen duela; ezen Jainkoa ezin tenta dezake gaizkiak, eta berak ez du inor ere tentatzen’.

Jainkoaz (edo deabruaz, gorago) postposizio sintagma sintaktikoki adjuntu bat da (deabruak ez bezala), baina horrek ez ditu gauzak gehiegi aldatzen. Literatura tradizioko adibide gehienak (ez dira gehiegi) tankera horretakoak dira: deabruaz poseditua, deabruaz tormentatua, deabruaz tentatua…

Egitura hori duten perpausak ikus daitezke testuetan, batez ere testu klasikoetan, esan bezala, baina aise gutxiago hizkera mintzatuan. Ez dute gramatikarien artean izen ona izan holako egiturek, eta hizkuntza kalkotzat hartuak izan dira15.

1.8g Egitura pasiboak haien kideak diren egitura aktiboekin daude harremanetan: Deabruak Jainkoa tentatu zuen egitura aktiboak badu parean beste aldaera pasibo bat, Jainkoa deabruaz tentatua izan zen. Biek esanahi bera dute. Baina egiturak aztertzen baditugu, egitura aktiboan bi argumentu daude, subjektua eta osagarria; aldiz, egitura pasiboan, lehengo osagarria, Jainkoa, oraingo subjektua da, eta lehengo subjektua, deabruak, isil daitekeen adjuntu (deabruaz) bat izatera igaro da. Kontuan izan behar dugu, esaten dugunaz jabetzeko, argumentuak (subjektua, osagarria eta zehar-osagarria) perpauseko partaide nagusiak direla eta adjuntuak, ordea, sintaktikoki periferikoak. Ordea, sare estu horretatik kanpo daude adjuntu deitzen ditugun sintagmak: gaur, adiskidearekin, goizik, hamar eurotan, deabruaz… Horregatik, azkeneko horiek, muineko partaideak ez direnez, isil daitezke edo besterik gabe ez dute zertan agertu.

1.8h Aipa dezagun, pasiboen multzo honetan beste egitura bat ere aski deigarria gerta daitekeena: Etxe hau deabruak egina da. Aurrekoak bezalakoa da (etxe hau deabruaz egina da), komunztadura eta sintagmen kokapena berdina delako: badugu subjektu bat (etxe hau), izan aditza (da), komunztadura arrunta (etxe hau handia da esaten dugunean bezala), baina orain bada argumentu bat ergatiboan, berari legokiokeen laguntzailerik gabe. Ergatiboak du laguntzailea eskatzen du, baina hor da dugu. Egitura hauek guztiak ikusiko ditugu, baina ohart gaitezen etxe hau deabruak egina da edo etxe hau deabruak egina du, bietara esaten dugula. Ez gara hemen barneko egituraz ari: segur aski ere, egitura diferenteak daude hor perpausean, egitura konplexuak nolanahi ere, Trask-ek (1981: 301), Brettschneider-ek (1979: 371-384) eta Wilbur-ek (1979) esan duten gisan. Hemen aditz laguntzailearen aldaketen berri eman nahi dugu, ez besterik. Eta, ikusten denez, aditz laguntzaile desberdinak ditugu.

1.8i Ez dira horietan bukatzen eredu hedatuenetik (intrantsitibo/trantsitibo arruntak) urruntzen diren egiturak. Badira etorri naiz / etorria naiz bezalakoak, eta ikusi ditut / ikusiak ditut moduko bereizketak. Baina perpaus horien egitura edozein dela ere, ez da hor aditz laguntzailea aldatzen, eta ez ditugu, hortaz, hemen azalduko. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, beste bikote honekin: (Nik) gauza asko ikusi dut / (Ni) gauza asko ikusia naiz. Hor bai gertatu da aditzaren aldaketa. Rebuschi-k (1984: 437-448) antipasibo deitu zituen holako egiturak, 1972an Silverstein-ek16 proposatutakoari jarraiki. Laguntzailea aldatu da, baina komunztadura ez du abiapuntuko objektu zuzenarekin egiten (pasiboetan: objektu zuzena → subjektu), baizik lehenago ere subjektua zenarekin (subjektu ergatiboa → subjektu absolutiboa). Hor aldaketa bat gertatu da, baina aldaketa hori ez da pasiboetan gertatzen dena bezalakoa. Horregatik deitu zitzaien “antipasibo” egitura hauei, pentsatzekoa da. Gero euskal gramatikariek ere terminologia hori erabili dute (EGLU Laburra 1993: 18, lekuko, edo Zabala 2003: 431). Baina handik urte batzuetara Rudolf de Rijk irakasleak kritika egin zion Rebuschiri, kontzeptu hori beste zerbaitetarako —itxuraz antzekoa, ez ordea edukiaz— proposatu baitzuen Silversteinek. De Rijkek egitura parapasiboak deitzen ditu holakoak: Gauza asko ikusia naiz. Egiazko antipasiboak txuktxieraz eta maia hizkuntzetan aurki daitezke.

1.8j Baina gauza asko ikusia naiz bezalakoak ez badira antipasiboak, badira, hala ere, egitura antipasiboak euskaraz? Bai, de Rijken ustez (2008: 766-769). De Rijkek dioenez, Ortiz de Urbina (1989: 203, 15. oin-oharra) izan zen lehenbiziko ikertzailea egitura hauek zuzen kokatu zituena. Holako egitura gutxi ditugu, egia da. Segur aski aditz trantsitiboetatik sortuak dira, baina prozesua ez da emankorra. Antipasiboak dira baliatu aditzarekin sortutakoak, adibidez: Liburu horretaz baliatuko dira. Aditz hori erabili izan da historian, eta gaur ere Iparraldeko euskalkietan, aditz trantsitibo arrunt bezala: Liburu hori baliatuko dute. Badirudi egitura trantsitibo arrunt horretatik sortzen dela liburu horretaz baliatuko dira egitura antipasiboa. Antipasiboak gertatzen dira beste aditz batzuekin ere: ahaztu (Andoni ahaztu dut / Andoniz ahaztu naiz), gogoratu (Andoni gogoratu dugu / Andoniz gogoratu gara), oroitu (oroituko zaitugu / zutaz oroituko gara), gozatu (film hori gozatu dugu / film horretaz gozatu gara), eta beste gutxi batzuk. Baina prozesua ez da egun emankorra, eta ezin da esan, hortaz, egungo euskaran egitura antipasibo hauek sistematikoki aditz trantsitiboetatik sortzen direla. Ikusten denez, hauetan guztietan ere gertatzen da aditz laguntzailearen aldaketa.

1.9. Euskararen ezaugarrien laburpena

Ahaiderik gabeko hizkuntza dugu euskara. Horregatik nahi izan ditugu kapitulu honetan bildu hizkuntza honen ezaugarri nagusiak. SOV hurrenkerakoa da gure hizkuntza, egitura ergatiboduna (batzuetan “hausten” dena, hala ere). Hizkuntza postpositiboa da, eta burua sintagmaren amaieran ageri da gehienetan. Ez du deklinabiderik, baina aditz laguntzailearen eta argumentuen arteko komunztadura biziki aberatsa du. Horregatik isil ditzakegu izenordainak (pro-drop hizkuntza da), eta egiturak nolakoak diren, laguntzailearen aldaketak gertatzen dira.

Gauza asko aipatu ditugu hemen, eta batzuk gehiegi azaldu gabe gelditu dira. Baina hau sarrera baizik ez da, egitura kontuetako gai horiek guztiak bere tokian azalduko baitira.

2 Estatistiken kontua eztabaidatua izan da. Gai honetaz, besteak beste, Rudolf de Rijk (1969) mintzatu da. Bittor Hidalgok (1994) zalantzan jarri ditu Rudolf de Rijken emaitzak. Geroago K. Erdociak (2006a: 65) erakutsi du bere tesian Hidalgo ez zebilela zuzen, batez ere O kategoria objektu zuzenari deitzen baitzaio eta ez, Hidalgok egiten duen gisan, aditzaren ondotik datorren edozein osagai sintaktikori. Horrek aldatzen ditu emaitza estatistiko guztiak. L. Pastor eta I. Laka (2013) ere mintzatu dira gai honetaz. Nolanahi ere, gaurko testuetan, egitura sinpleenetan bederen, Andreak gizona ikusi du (SOV) bezalako esaldiak hamar aldiz gehiago ageri dira Gizona andreak ikusi du (OSV) baino, eta hiru aldiz gehiago Andreak ikusi du gizona (SVO) baino, EHUko Euskara Institutuak egin dituen azterketen arabera (http://corsyntax.ametza.com/cas).

3 Hemen honako lan hauek aipa daitezke: Erdocia et al. 2009; Laka et al. 2009; Laka & Erdocia 2012; Laka et al. 2012; Laka 2012 eta Erdocia et al. 2012.

4 Altubek (1930) eragin handia izan du, eta haren arauak zurrunegi ezarri izan dira askotan. Euskal hitzen hurrenkera, batez ere perpaus luze eta elkartuetan, ez dator bat askotan perpaus bakunetako hurrenkerarekin.

5 Edo determinatzaile sintagmarekin, geroago ikusiko den gisan.

6 Ondo postposiziotzat hartu behar den edo ez zalantzak izan daitezke. Euskaltzaindiaren Hiztegian iz. kategoriarekin ageri da, bigarren adieran (mahai edo itxaropen bezala). Hala ere, ez da gainerako izenak bezalakoa. Baina Egungo Euskararen Hiztegiko (EEHko) adibideak ikusten baditugu berehala ohartuko gara gaur ez dela izen moduan erabiltzen. Bada “izen” multzo bat (ondoan, aurrean, atzean, gainean, azpian…) tokia (batzuetan denbora ere) adierazten dutenak eta -n, -ra, -tik postposizioekin erabiltzen dira ia beti. Horregatik erabaki dugu postposiziotzat hartzea.

7 Egia da batzuetan ikusi aditzak beste esanahi bat izan dezakeela: Itsua operatu zuten eta ondoko egunean ikusten hasi zen. Hemen eztabaidagarria izan daiteke argumentu bat edo bi dituen.

8 Dastatu esanahiarekin ez bada, jakina: Zu gustatzen zaituenak gustatzen ditu zure baitan gauza guztiak.

9 lau ordu, hemen, absolutiboa da, baina ez da objektu zuzena (hiztun batzuek komunztadura egiteko joera badute ere: lau ordu iraun ditu). Horren ordez erauntsiak luze iraun du esan dezakegu, eta hor hobeki ikusten da esan duguna.

10 Bestelako deitura batzuk erabili izan dira halako hizkuntzetarako tipologia kontuetan: urrunera joan gabe, aipagarriena da ziur aski hizkuntza aktiboak izeneko deitura. Hizkuntzalari batzuek diotenez, hizkuntzetan egitura iragankorrak eta iragangaitzak (hauen barnean “inergatiboak” eta “inakusatiboak”) bereizteko arrazoiak baldin badira ere, beharrezko ikusten dute, hala ere, haien parean hizkuntza aktiboak ere bereiztea: hauetan bereizketa ez litzateke perpaus iragankor/iragangaitzen artean egingo, baizik perpaus aktibo/ez-aktiboen artean. Hizkuntza aktiboek propietate sintaktiko desberdinak erakusten dituzte, trantsitibo / intrantsitibo bereizketarekin bat ez datozenak. Bath-ek (1991: 99-100) eskaintzen du kontu honetaz laburpen egokia.

11 Paris (1969). Autore berak eta Anscombrek artikulu bat argitaratu zuten euskararen komunztadura sistema eta txerkezierarena konparatuz eta, nolabait, argumentuen komunztadurari dagokionez, elkarren antza dutela agerian emanez (Paris & Anscombre 1980: 227-249).

12 Aipatzekoa hemen, zenbait hizkeratan, erdibiketa hau ohartu gabe edo hausteko joerak ageri direla: hola sortu dira zidazun eta gisakoak, zenidan horren ordez; edo leikezu bezalakoak, zeinke adizkiaren ordez.

13 Alde batera utziko ditugu hemen interesik ez duten perpausaren barne egiturako beste gai batzuk.

14 Batasunean hartu den ereduaz ari gara, jakina. Esan dugu euskalkietan beste aditz batzuk ere erabiltzen direla laguntzaile gisa. Horien artean daude eutsi (*edutsi), egin, *iro(n), *eradun bezalakoak: esan deutsat, esan leike, ikus diro, erran derautzut

15 Bestetik, Jainkoa deabruagatik tentatua izan zen gisako perpausak ere, itxuraz pasiboak, aipatu izan dira inoiz.

16 Kontu honetaz Wolfgang Schulze (2010) ere ikus daiteke.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
Library zlibrary project
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper